Bilbo hiribildua Ibaizabal ibai osoan zehar zabalduta dago. Izan ere, Bilboko itsasadarra da berezko ardatza, hamaika zubik zeharkatzen dutena.
Biztanleria era homogeneoan banaturik dago ibaiaren bi aldeetan: Ezkerraldean Basurtu-Zorrotza, Abando eta Errekalde barrutiak daude. Eskuinaldean, berriz, Deustu, Uribarri, Otxarkoaga-Txurdinaga eta Begoña barrutiak. Ibaiondo barrutia, Bilboko handiena, ibaiaren bi aldeetan hedatzen da. Barrutiaren gehiena ezkerraldean dago; Alde Zaharra, berriz, eskuinaldean.
Pagasarri, Artxanda eta Arnotegi mendiek inguratzen dute hiria, besteak beste, eta, zulo moduko batean dagoenez, "Botxo" izen herrikoia eman diote. Hirigunetik ez oso urruti, kilometro pare batera, Ganekogorta mendia altxatzen da, 998 metrokoa, kostaldetik hurbil gaudela kontuan izanda, altuera handia da. Hala ere, Artxanda mendia Bilboko mendirik adierazgarriena da, Pagasarrirekin batera. Bilboko iparraldean kokaturik dago eta Txorierrirekin egiten du muga.
Kokaleku horrek eman dio Bilbori duen izaera eta hiri-egitura: eremu lauak urriak dira, Abando eta Deustu barrutietan daude gehienbat. Hori dela eta, hazkunde industrialak eragindako immigrazio-oldeak mendien maldetan hedarazi zuen Bilbo.Gaur egun, Bilbo inguruan dauden mendiek hiriko "gerriko berdea" osatzen dute eta aisialdirako gune bilakatu dira.