Iruñea
Iruñea Hiriko historia abiatzen da baskoien herrixka batetik, eta hortik Pompelo[5] edo Pompaelo erromatarrera. Musulmanen okupazioaren ondoren, Iruñeko Erresuma eta Nafarroako Erresuma etorri ziren; XVI. mendean, Espainiako erregeen menpe geratu zen.
Hiria biziki hedatzen hasi zen XX. mendean. Azken hamarkadetan, ospe handia hartu du hiriak nazioartean, San Fermin jaiengatik (uztailaren 6an hasten dira), bereziki Ernest Hemingway idazleak egin zien oihartzunari esker.
Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Azken urteetan autobide berriak eta bestelako azpiegiturak eraiki dira. 2007ko azaroan, Iruñeko autobus geltoki berria inauguratu zen Yanguas y Miranda kalean.
Auzo berrien eraikuntzak autobus linea berriak ezartzea ekarri du, eta Iruñerriko Eskualdeko Hiri Garraioaren erabileraren hazkundea: 2006. urtean, 36 milioi bidaiari izan ziren.
XXI. mendea hasi zenean Mendillorriko auzoa amaitzen ari ziren bitartean etorkizunerako hirigintzaren plangintza hasi zen. Horrela, etorkizunerako etxebizitza beharra ezarri zen, guztira 70.000 etxebizitza inguru eraikiko zirela erabaki zen. Plangintza hartako helburuak pixkanaka bete egin dira azken urteetan, eta 2000. urtean plangintzan zeuden auzoetariko batzuk eraiki dira dagoeneko.
Auzo berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Etxabakoitz auzoa Barañain eta Iruñea artean dago. Abiadura handiko trenaren eraikitzearekin batera, 8.000 etxebizitza inguru eraikiko dira hor. Etxebizitza horietatik herena babes ofizialekoak izango dira. Horrez gain, trenaren geltoki berria eta Sanduzelaiko trenbidearen birgaitzea ere egingo dira.[6]
Iruñerriko beste auzo berrietako dentsitate txikia alde batera utziz, Etxabakoitzen eraikin altuagoak izango dira nagusi, 12 eta 15 solairu bitarteko eraikinak, eta 25 solairurainoko dorre bat, etorkizuneko tren geltokiaren ondoan.
Lezkairu Iruñeko zabalgunearen luzapentzat planteaturiko auzo berria da. Proiektuak Arrosadia Iruñearekin hobeto integratzeko asmoarekin eta hiriaren hegoaldeko komunikabideak hobetzeko asmoarekin sortu zen. Auzo berriaren eraikitze lanak 2007. urtean hasi ziren eta guztira 6.000 etxebizitza inguru eraikiko dira.